Osasun mentala

Monroviako Osasun Mentaleko Unitateko koordinatzaileak agur esan dio Aita Menni Ospitaleari

Ato Kwamena Sagoe, Aita Menni Ospitaleko Desgaitasun Intelektualaren Unitateko sarreran.
Ato Kwamena Sagoe, Aita Menni Ospitaleko Desgaitasun Intelektualaren Unitateko sarreran.

Elkarrizketa hau amaitu eta ordu erdira, Aita Menni Ospitaleko erizain talde handi baten aurrean azalduko du zer den munduko herrialderik behartsuenetako bat den Liberian erizain izatea, hain zuzen ere, Monroviako San Benito Menni Zentroko Osasun Mentaleko Unitatean. Sagoeren hitzaldia Arrasateko Aita Menni Ospitaleari egingo dion agur moduko bat izango da, hilabete baino gehiago eman baitu bertako zenbait unitatetan. Halaber, azken egunotan, Ahizpa Ospitalarioen ama etxea bisitatu du Ciempozuelosen, eta baita Madrilgo San Miguel klinika ere, errehabilitazio psikosozialean espezializatua dagoena.

Etorri zenetik ematen duen bigarren hitzaldia da. Lehenengoa Afrikako osasun mentalari buruzko jardunaldi bat izan zen, non Gipuzkoako Foru Aldundiko Lankidetzarako zuzendariak parte hartu baitzuen. Foru Aldundia izan da, hain zuzen ere, Monroviako Osasun Mentaleko Unitaterako laguntzak eman dituen erakundeetako bat. Ato Kwamena Sagoe 30 urteko ghanarrak badauka hitz egiteko erraztasuna. “Ondo moldatzen naiz jendaurrean hitz egiten, sozializatzen; horregatik hasi nintzen ikasten irakasle izateko”, gogoratu du. Bere ilusioa futbolaria izatea zen —Liverpoolen jarraitzaile sutsua da—, “baina lana lehenbailehen aurkitzeko modu bakanetako bat irakasle edo erizaintza ikasketak egitea zen niretzat”.

“Ez nintzen irakasle izatera iritsi, nahiz eta nik hori nahi izan”, dio. Irakasle izateko ikasketa programa batean sartzeko aukera eskaini zidaten, baina prestakuntza frantsesez zen, beraz, erizain izateko ikasketei heldu nien. Espezializatzeko gomendatu zidaten, eta gizona nintzela-eta ginekologiako erizain izateko aukera handirik ez nuenez, Ankaful Erizaintza Psikiatrikoko Eskolan ikasten hasi nintzen”, Cape Coast hiritik gertu dagoen leku batean, non ospitale orokor bat eta ospitale psikiatriko bat dauden.

Aita Menni Ospitaleko lankideekin
Aita Menni Ospitaleko lankideekin

“Han ikusi nuen jende asko sufritzen ari zela eta nik lagundu egin niezaiekeela, eta giza adimenaren konplexutasuna eta funtzionamendua ulertzen hasi nintzen”, kontatu du. Bere buruak jokaldi makurren bat egin zion hiru urte eta urtebeteko praktikaldia iraun zuen prestakuntzan zehar. Umore onez gogoratzen du: “Irakasle batek eldarnioa zer den azaldu zigun, eta adibide gisa aipatu zuen pertsona bat ziur egon daitekeela bera ez den norbait dela, hala nola Jainkoa edo Gobernuko presidentea. Niri hori gehiegizkoa iruditu zitzaidan, harik eta egun batean, nire praktiketan, horixe berori zehazki esaten zuen paziente batekin topo egin nuen arte: Jainkoa zela zioen. Lehenik eta behin, pentsatu nuen nire irakasleak eta pazienteak bazutela halako akordio edo plan bateratu bat ikasleei istorio hori kontatzeko”.

Gainera, konturatu zen psikiatriako erizain izateak bazeukala zailtasun gehigarri bat: “Mentalki osasuntsu dauden pazienteek ez daukate arazorik esplikatzeko non daukaten mina, zer min mota daukaten edo zein maiztasunekin sentitzen duten, baina oso zaila da jakitea zer gertatzen zaion jateari uko egiten dion eta zurekin komunikatzen ez den bati, eta are zailagoa da tratamendu bat jarrai dezan lortzea”.

Praktikak Ahizpa Ospitalarioen Dompoaseko zentroan

Ikasketak amaitzean, Ato praktikak egiten hasi zen Benito Menni ospitalean, alegia, Ahizpa Ospitalarioek gaixotasun mental bat daukaten pertsonak artatzeko Dompoasen daukaten zentroan. “Sei hilabete egin nituen han, eta gero alde egin nuen —esan digu—. 2018ko abenduan dei bat jaso nuen. Monroviara joatea eskaini zidaten, San Benito Menni Osasun Zentroko Osasun Mentaleko Unitatean lan egitera”. Unitate hori urtebete lehenago sortu zen Liberiako hiriburuan, eta Arrasateko Aita Menni Ospitaleak bultzatu zuen, zentro liberiarrarekin senidetuta. “Gogoko ditut erronkak, eta bidaiatzeko gogoa nuen; beraz, Ghana eta Liberiako zentroak mendean dituen Ingalaterra Probintziako Ama Nagusiarekin hitz egin ondoren, 2019ko otsailaren 28an Monrovian hasi nintzen lanean”.

Oso baliabide mugatuak dituen leku batean, erizainaren lana zabala da: “Pazienteen zaintzarekin zerikusia duen guztiaz arduratzen naiz, hala nola medikazioa prestatzeaz eta emateaz, jarduerak antolatzeaz, elikatzeaz eta oheak egiteaz —azaldu du—. 2022ko urtarriletik, gainera, Unitateaz arduratzen naiz, eta horrek esan nahi du langileen txandak antolatu behar ditudala, asistentzia jarduerari buruzko txostenak egin, Ingalaterra eta Arrasateko Ahizpa Ospitalarioekin lotura lanak egin eta gure osasun mentaleko zentroa ordezkatu Osasun Mentala Koordinatzeko Liberiako Gobernuaren Batzorde Teknikoaren hileroko bileretan eta beste erakunde batzuekin egin beharreko topaldietan”.

Madrilgo San Miguel Klinikaren aurrean
Madrilgo San Miguel Klinikaren aurrean

Hango zailtasunak ez dira soilik baliabide materialetara mugatzen. Hamarkadatan, psikiatra bakarra egon da Liberian —bigarrenak duela hilabete gutxi lortu du titulua—, eta gaixotasun mentala artatzeko beste zentro bat baino ez dago, E. S. Grant ospitalea, gaur egun San Benito Menni Zentroko Unitatearekin lankidetzan ari dena, pazienteak bertara bideratuz. Ziur aski, zailtasun handiena gaixotasun mentalari buruz Afrikako zati handi batean dagoen ikuspegiaren aurka borrokatzea da —azaldu du Atok—. Izpirituak, sorginkeria eta petrikiloen praktikak oso elementu garrantzitsuak dira Afrikako kulturetan. Gaixotasun mentalen bat edo epilepsia bezalako gaixotasunen bat daukan kideren bat edukiz gero, familiek, sarritan, gaixoei batere lagundu ez eta haien egoera okertu besterik egiten ez duten praktikak egiten dituztenengana jotzen dute. Petrikiloarengana edo haien erlijioaren ordezkari batengana jotzen dute, eta gaixoek baso batean zuhaitz bati lotuta edo erritualen pean amaitzen dute.

Familiekin lanean

Atoren eta hark zuzentzen duen Unitateko langileen lana, beraz, familiengandik oso hurbil lan egitean ere badatza: “Pazienteak beren ingurunera itzultzen direnean, familiakoak dira haien medikuak eta erizainak; horregatik, errehabilitazio prozesuak arrakasta izatea eta denboran irautea nahi badugu, gaixotasun mentala zer den ulertarazi behar zaie, gaixotasuna tratatu egin daitekeela ulertarazteaz gainera. Gaixotasunarekin biziko badira, senidea nola zaindu jakin beharko dute”.

Hori dela eta, Maria Josefa Recio Osasun Mentaleko Unitatean —Ahizpa Ospitalarioen fundatzaileetako baten omenez izendatua— garrantzi handia ematen zaie familiekin egiten diren bilerei, “errehabilitazioaren parte direlako, eta haien laguntzarekin bakarrik lortuko dugulako pazienteen osasuna ez ezik haien duintasuna ere leheneratzea. Baina familiak kontzientziatzeaz gain, gizartea ere kontzientziatu nahi dugu, eta, horretarako, irratsaioetan laguntzen dugu, ikastetxeetan hitzaldiak ematen ditugu eta ekitaldi publikoak egiten ditugu gaixotasun mentalerako arrisku egoerak detektatzeak eta egoki tratatzeak daukan garrantzia azaltzeko.

Madrileko zentroko langileekin eta ahizpekin.
Madrileko zentroko langileekin eta ahizpekin.

Monroviako San Benito Menni Osasun Zentroaren Osasun Mentaleko Unitateak aldi berean artatzen ditu gaixotasun mentala eta desgaitasun intelektuala daukaten 15-20 emakume, eta abian jarri zenetik ia 200 emakume igaro dira bertako instalazioetatik. Horietako asko hilero itzultzen dira zentrora, segimendu bisita bat egiteko; beste batzuek, berriz, gizarte langileen bisita jasotzen dute etxean. “Jarraipena –azaldu du arduradunak– gure egitekoaren funtsezko parte bat da, pazienteak berriro gaixorik jartzea ekiditeko; izan ere, batzuetan, paziente batzuk berriz gaixotzen dira, etxetik alde egiten dute eta kalera jo behar izaten dugu haien bila”.

Nahiz eta Unitate berria izan, erreferentzia bihurtu da jada herrialdeko osasun mentalaren arretan. “Medikuen eta Kirurgialarien Elkargoarekin lankidetzan ari gara, eta egoitza programa bat daukagu, ikasleak eta graduondoko egoiliarrak psikiatrian gaitzeko —azaldu du Atok—. Orain arte herrialdeko psikiatra bakarra izan denak, alegia, Benjamin Harris doktoreak, gurekin egiten du lan, eta lizentziatu berri den espezialista batek gure instalazioetan egin du bere egoitza. Gainera, Osasun Zientzien Fakultateko Mother Patern Erizaintza Eskolako praktiketako ikasleak ere hartzen ditugu. Liberiako Gobernuak osasun mentaleko politikak koordinatzeko daukan batzorde teknikoan parte hartzen dugu, eta Osasunaren Mundu Erakundearen eta Liberian arlo horretan lan egiten duten beste erakunde batzuen babesa daukagu”.

Aita Menni Ospitaleko unitateetan eta Ciempozueloseko eta Madrilgo Ahizpa Ospitalarioen zentroetako unitateetan ibili izanak ezagutza eta bizipen berriak eman dizkio erizain gazte honi. “Arnasten den maitasuna, pazienteei familia bat balira bezala ematen zaien maitasuna” nabarmendu du Atok, eta bereziki baloratzen du Aita Menni Ospitaleko Desgaitasun Intelektualaren Unitatean bizi izandakoa: “Oso paziente bereziak dira. Inguruan duten mundua nola sentitzen duten eta nola hautematen duten ulertzen duzunean, eta haien lekuan jartzen zarenean, haiek artatzeko duzun gaitasuna izugarri hobetzen da”. Liberiara darama, baita ere, “talde lanaren garrantzia eta diziplina anitzeko ikuspegia, baita paziente bakoitza bakarra delako eta tratamenduak plan indibidualizatu bat jarraitu behar duelako ideia ere; hori gure Unitatean ere egiten dugu, baina ez hain modu xehatuan”.

Eta zer ikas genezake hemen Afrikako zentroetan egiten den asistentzia lanetik? “Ba ziur aski ondo etorriko litzaizueke inprobisatzeko eta arazoei baliabide gutxirekin soluzioa emateko daukagun gaitasuna edukitzea”.

Ciempozueloseko ahizpa ospitalarioen talde batekin
Ciempozueloseko ahizpa ospitalarioen talde batekin.

Abegi ona bizitzeko modu berri bat

Esperientzia honek “abegiaren balioak ikusteko eta bizitzeko modu berri bat eman dio, eta handia den zerbaiten parte izatearen sentsazioa, aita Mennirengandik hasi eta orain arte norberaren bizitza besteen bizitza hobetzen eman duen jendeak osatutako istorio txundigarri batean”.

Futbolzale petoa denez, denbora atera du, gainera, Realaren eta Athleticen partida pare batera joateko eta Real Madrilen estadioa ikusteko; gainera, euskal geografiako zenbait parajetan zehar ibili ahal izan da.

Lerro hauek irakurtzen direnerako, Ato Sagoe —”Kwamena” izen erantsia da, larunbatean jaiotako gizonezkoa delako— Monrovian egongo da bueltan. Euskal Herrian eta Madrilen jasotako maitasuna barruan darama. “Eskerrak eman nahi dizkiet hemen egon naizen bitartean lagundu didaten pertsona guztiei, eta, bereziki, Sor Lourdes Perezi —Ingalaterra Probintziako Nagusia— eta Aita Menniko zuzendari gerentea den Mikel Tellaecheri, Monroviako zentroan lan egiteko eta familia ospitalario handi honetako kide izateko aukera emateagatik; baita Ciempozueloseko Sor Pazi, Arrasateko komunitateko ahizpa guztiei, Eglee Castillo doktoreari, Nerea Gutierrezi, Jose Luis Gironi, Amaia Jaureguiri eta erizain guztiei ere. Eta ‘eskerrik asko’ erraldoi bat nire amari beti eman izan didan laguntzagatik”.

Aita Menniren hilobiaren aurrean
Aita Menniren hilobiaren aurrean.